Arruan-Haundi baserri zaharra da (XVI. mendekoa), etxe-aurrean harrizko armarri bat du eta, ustez, garai batean burdinola izan zen (Arribakoa). 400 bat urte dituela uste da. Guk, apaltasunez eta arbasoengandik ikasitakoari eutsiz, gure kulturaren balioak gordetzeko eta ingurumena errespetatzeko ahaleginak egiten ditugu.
Lasturko bailara karst bat da, kobazulo eta leize ugari daude, asko oraindik ezezagunak. Igarobide ekologiko naturala da, alde batean Izarraitz eta bestean Arno mendiak dituena, mendi-ibiliak egiteko leku paregabeak. Ekaingo haitzuloak ere gertu ditugu, labar-pinturen aztarnategi garrantzitsuenetakoak dira eta haren erreplika Ekainberrin eraikitako instalazioetan dago ikusgai.
Euskal kostaldeko Geoparkearen erdi-erdian gaude, Mutriku eta Zumaia artean. Geoparkean, itsaslabar eta paisaia ikusgarriak ikusteko aukera izango duzue itsasertzean zehar joanez bai itsasontziz, gidari espezializatu batek lagunduta, bai oinez, mendi-ibilbide batetik (8km). Harrizko tolesturek edo geruzek eratutako itsaslabar horietan Lurraren milioika urteetako bilakaera ezkutatzen da.