Gure bizitzeko moduari osotasuna emateko eta koherentea izan dadin ezinbestekoak dira, besteak beste, energia berriztagarriak erabiltzea, zaborrak behar bezala kudeatzea, baserriko eraikinak berritzeko material nobleak eta naturalak erabiltzea, eta gure familiaren beharrei erantzuteko behar adina barazki eta haragiki ekoiztea irizpide ekologikoei jarraituz. Ingurugiroa eta naturako baliabide horiek guztiak zaintzen ditugu, bizi-kalitate hobea izan eta datozen belaunaldiek ere haietaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Etxeko haize-errotari esker, haize-korronteak baliatu eta elektrizitatea sortzen dugu. Antzeko zerbait egiten dugu instalazio fotoboltaikoarekin, eguzkiaren energia baliatuz energia lortzen baitugu. Baliabide garbiak dira, haien eragina ingurugiroan oso txikia da eta beti itzulgarria. Batetik, etxeko beharrei erantzuten diegu instalazio autonomoari esker, eta, bestetik, elektrizitatearen banaketa-sarera ere eramaten dugu elektrizitatea 10Kw-ko instalazio fotoboltaikoaren bidez.